lunes, 30 de enero de 2012

ZAHARTZAROA

Zer da zaharra izatea? Galderak zentzugabea dirudien arren, erantzun bat baino gehiago sorrarazten ditu. Hau da, zahartzea oso gauza erlatiboa da, agian 35 urteko pertsona zaharra izan daiteke futbolaria izateko edo beste pertsona bat barnetik zaharra sentitu daiteke nahiz eta gazte izan. Horregatik, gehien hobesten den definizioa da pertsona zaharra 65 urtetik gorakoa dela.

Datu hori aintzat hartzen badugu, gaur egun Euskal Herrian bost pertsonetatik bat zaharra da. Oso argi ikus daiteke biztanleria zahartzen ari dela, gero eta adineko jende gehiago dugula inguruan, baina gaitasunez eta esperientziaz beteriko pertsonatzat hartu beharrean, zokoratu egiten ditugu maiz.

Hau dela eta, pertsona batek lana egiteari uzten dioenean, askotan ikustezina bihurtzen da eta bere zereginak aisialdiarekin eta ekintza pasiboekin lotzen ditugu. Zaharra izateak oso zentzu negatiboa du gazteengan eta bai kexati bai berekoi bai errepikakor direla pentsarazten digu. Pena bat da, bere jakinduriari onura ateratzea ordez, modu honetan aritzea.

Ildo honetatik, zahar bat, oro har, gaixotasun batekin lotzen da eta hori ez da bidezkoa. Nik bizi dudanaren arabera, pentsamendu hori okerra da. 3 urtez zahar egoitza batean egin dut lana eta denetatik ikusi dudala aitortu behar dut. Nire egoitza 3 solairutan banatuta zegoen eta lehenengo eta bigarrenean zaharrak osasuntsu bizi ziren, hirugarren solairuan ordea, gaixotasunak zituzten zaharrak zeuden, baina 143 pertsonetatik 40 gaizki egotea esanahi asko du.

Bukatzeko, zahartzaroak, beldurra ikaragarria ematen dit eta gustatuko litzaidake ahal den denbora gehiena nire etxean egotea,baina, ulertzen dut, askotan zer egoeran zauden arabera ez dagoela beste irtenbiderik eta zahar-etxe batera jo behar dugula. Hala ere, gaur egun dauden laguntzekin nik uste dut errazagoa dela etxean irauntzea.

No hay comentarios:

Publicar un comentario